3 Profeta bezala mintzo dena, berriz, gizakiei mintzo zaie: fedean hazten laguntzen die, adoretu eta kontsolatu egiten ditu.
4 Hizketa arrotzez mintzo dena, bere buruari bakarrik zaio lagungarri; profeta bezala mintzo denak, berriz, eliz elkartea hazarazten du.
5 Nahi nuke zuek guztiok hizketa arrotzez mintzatzea; baina are nahiago profeta bezala mintzatzea. Zeren, eliz elkartea hazarazteko, hobe baita profeta bezala mintzatzea hizketa arrotzez mintzatzea baino, hizketa horren esanahia ere argitzen ez badu behintzat.
6 Begira, senideok: hizketa arrotzez hitz eginez aurkeztuko banintzaizue, zer on ekarriko lizueke horrek, nire hitzak ez balizue emango agerpenik, ez ezaguerarik, ez Jainkoarengandiko mezurik, ezta irakaspenik ere?
7 Gauza bera gertatzen da musika-tresnekin ere, txirula edota zitararekin, adibidez: notak argi eta garbi ematen ez badituzte, nola jakin zer jotzen duten?
8 Edota turutak soinu nahasia jotzen badu, nor prestatuko da gudurako?
9 Berdin zuek ere: hitz ulergarriak ez badituzue adierazten, nola jakin zer ari zareten esaten? Paretari hitz egiten ariko zinatekete.