9 Ez al dakizue bidegabeek ez dutela Jainkoaren erreinua iritsiko? Ez engaina zeuen buruak! Lizunek, sasijainkozaleek, adulteriogileek, emakeria-zaleek, sodomitek,
10 lapurrek, diruzaleek, mozkorrek, izen onaren kentzaileek eta iruzurgileek ez dute Jainkoaren erreinua iritsiko.
11 Horietakoak zineten zuetako batzuk ere; baina garbituak izan zarete, sagaratuak eta Jainkoak onartuak Jesu Kristo Jaunaren izenean eta gure Jainkoaren Espirituaren bidez.
12 «Dena zilegi dut», dio zenbaitek; baina ez da dena komenigarri. «Dena zilegi dut», bai, baina ni ez nau ezerk menpeko egingo.
13 Esaten da baita ere: «Janaria sabelarentzat eta sabela janariarentzat»; baina bata zein bestea hondatu egingo ditu Jainkoak. Gorputza, ordea, ez da lizunkeriarako, Jaunarentzat baizik, eta Jauna gorputzarentzat.
14 Eta Jainkoak, Jauna piztu zuenak, gu ere piztu egingo gaitu bere ahalmenaz.
15 Ez al dakizue zuen gorputzak Kristoren atal direla? Eta nik Kristoren atala emagaldu baten atal egingo ote dut? Ez horixe!