1 Ondoren, neurtzeko kanabera eman zidaten, makila baten antzekoa, esanez: «Jaiki eta neur itzazu Jainkoaren tenplua eta aldarea, eta zenbatu bertan kultu egiten ari direnak.
2 Utzi, ordea, neurtu gabe tenpluaren kanpoko ataria, jentilei eman baitzaie; hauek hankapean erabiliko dute Jerusalem hiri santua berrogeita bi hilabetez.
3 Orduan, neure bi testiguak bidaliko ditut dolu-jantziz estalirik, mila berrehun eta hirurogei egunez profetiza dezaten».
4 Horiek dira lurraren Jaunaren aurrean zutik dauden bi olibondoak eta bi argimutilak.
5 Norbaitek hondatu nahi baditu, sua aterako da haien ahotik eta etsaiak kiskaliko ditu; horrelaxe hilko da beroriek hondatu nahi dituen oro.
6 Hauek zerua ixteko ahalmena dute, profetizatzen ari izango diren garaian euririk egin ez dezan; ura odol bihurtzeko ahalmena ere badute, eta nahi duten guztietan lurra edozein izurriz zigortzekoa ere bai.