7 Jo zuen turuta lehenengo aingeruak, eta kazkabarra eta sua erori ziren lurrera, odolez nahasiak: lurraren herena, zuhaitzen herena eta belar heze guztia kiskalirik gelditu ziren.
8 Jo zuen turuta bigarren aingeruak, eta sutan dagoen mendi handi bat bezalako zerbait itsasora amildu zen: itsasoaren herena odol bihurtu zen.
9 Itsasoan bizi diren sorkarien herena hil egin zen eta itsasontzien herena suntsitu.
10 Jo zuen turuta hirugarren aingeruak, eta zerutik izar handi bat jausi zen, zuzia bezala sutan, eta ibai eta iturri guztien heren baten gainera jausi zen.
11 Izarrak atsentsio-belar du izena; uren herena atsentsio-belarra bezain mingots bihurtu zen, eta gizon-emakume asko hil zen ur haiek edateagatik.
12 Jo zuen turuta laugarren aingeruak, eta eguzkiaren herena eta ilargiaren herena eta izarren herena kolpatu zituen: hauen herena ilundu egin zen eta bai egunak, bai gauak beren argiaren herena galdu zuten.
13 Gero, arrano bat ikusi nuen hegan zeru goien erdian, orro handiz esaten: «Zoritxarrekoak, zoritxarrekoak, zoritxarrekoak lurrean bizi direnak, prest dauden beste hiru aingeruek turuta jotzean!»