13 Harat-honat zebiltzan judu exortzista batzuk ere Jesus Jaunaren izenaz baliatzen hasi ziren, espiritu gaiztoak botatzeko. Honela esaten zieten: «Paulok hots egiten duen Jesusen izenean, irteteko agintzen dizuet!»
14 Apaizburu zen Eskeba izeneko judu baten zazpi seme zebiltzan horretan.
15 Baina espiritu gaiztoak erantzun zien: «Ezagutzen dut Jesus eta badakit Paulo nor den. Baina nor zarete zuek?»
16 Bat-batean, espiritu gaiztodun gizonak gainera oldartu eta menpean hartu zituen denak, eta hain gogor eraso zien, ezen larrugorrian eta zauriturik ihes egin behar izan baitzuten etxe hartatik.
17 Efesoko bizilagun guztiek, judu eta greziar, izan zuten gertakari honen berri. Beldurrak harturik gelditu ziren denak eta Jesus Jaunaren izena handiesten zuten.
18 Fededun berri askok ordu arteko beren jarduera okerrak agerian aitortu zituzten,
19 eta aztikeriatan ibilitako askok beren liburuak pila batean bildu eta denen aurrean erre zituzten. Egindako kontuen arabera, zilarrezko berrogeita hamar mila txanpon balio zuten liburuok.