10 Orduan, gobernariak hitz egiteko baimena emanik, honela erantzun zuen Paulok: «Hainbat urtetan gure herriaren epaile zarela jakiteak ematen dit konfiantza neure buruaren defentsa egiteko.
11 Zeuk egiazta dezakezunez, hamabi egun besterik ez da Jerusalemera igo nintzela kultuan parte hartzera.
12 Eta ez nau inork tenpluan inorekin eztabaidan ikusi, ezta sinagogetan edo kalean jendea nahasten ere.
13 Ezin dizute leporatzen dizkidaten gauzen frogarik aurkeztu.
14 Hau bai, aitortzen dizut: horiek sektatzat daukaten Bide horren arabera zerbitzatzen dut geure arbasoen Jainkoa; baina nik Moisesen legean eta profeten liburuetan idatzirik dagoen guztia onartzen dut,
15 eta Jainkoarengan badut itxaropena —horiek bezalaxe— hildako guztiak, on eta gaizto, piztuko direla.
16 Horregatik ahalegintzen naiz ni ere, neure kontzientzia Jainkoaren eta gizonen aurrean beti garbi gordetzen.