2 Hamabiek, ikasleen biltzar orokorra bildurik, esan zuten: «Ez da egoki guk Jainkoaren hitzaren predikua alde batera uztea janari-banaketaz arduratzeko.
3 Beraz, senideok, aukera itzazue zeuen artean izen oneko zazpi gizon, Espiritu Santuaz eta jakinduriaz beteak, eta haiei emango diegu egiteko hori.
4 Gu, horrela, otoitzari eta hitzaren zerbitzuari emango gatzaizkie».
5 Biltzar osoak ontzat eman zuen proposamena, eta Esteban —fedez eta Espiritu Santuaz betea zegoen gizona—, Felipe, Prokoro, Nikanor, Timon, Parmenas eta Nikolas, Antiokiako juduberria, hautatu zituzten;
6 aurkeztu zizkieten apostoluei, eta hauek, otoitz eginez, eskuak buruan ezarri zizkieten.
7 Jainkoaren hitza zabaltzen ari zen; ikasleen taldea franko ugalduz zihoan Jerusalemen, eta apaiz asko ere sinestedun egiten zen.
8 Estebanek, Jainkoaren laguntza eta indarra oparo baitzituen berekin, egintza harrigarri eta mirari handiak egiten zituen herrian.