2 Estebanek erantzun zuen: «Senide eta gurasook, entzun: Jainko aintzatsua gure arbaso Abrahami agertu zitzaion, artean Mesopotamian zegoela, Haranen bizitzen jarri aurretik,
3 eta esan zion: Utzi zeure lurra eta zeure ahaideak eta zoaz nik erakutsiko dizudan lurraldera.
4 Abraham, orduan, kaldearren lurraldea utzirik, Haranen jarri zen bizitzen. Eta handik, aita hil zitzaionean, orain zuek bizi zareteneko lurralde honetara aldatu zuen Jainkoak.
5 Hala ere, ez zion ondaretzat lurrik eman, ezta oin bat ere; baina berari eta beraren ondorengoei emango ziela agindu zion, oraindik Abrahamek seme-alabarik ez zuen arren.
6 Honela mintzatu zitzaion Jainkoa: Zureondorengoak atzerritar gisa biziko dira berena ez duten lurraldean. Esklabotza eta zapalkuntzapean edukiko dituzte laurehun urtez.
7 Alabaina, zigortu egingo dut —esan zion, gainera, Jainkoak— esklabo bihurtuko dituen herria, eta ondoren atera egingo dira eta toki honetangurtuko naute.
8 Ondoren, erdainkuntza eman zion itunaren ezaugarri; hala, Isaak jaio zitzaionean, zortzigarren egunean erdaindu egin zuen Abrahamek; berdin egin zuen Isaakek ere Jakobekin, eta Jakobek hamabi patriarkekin.