1-2 Nik, Paulok, Jesu Kristoren zerbitzari honek, idazten dizuet. Jainkoak deitu ninduen apostolu izateko eta Liburu Santuetan profeten ahoz aurrez agindua zeukan berri ona hots egiteko.
3-4 Berri on hau Jainkoaren Semeari buruzkoa da, Jesu Kristo gure Jaunari buruzkoa, alegia: berau giza jatorriz Daviden hazitik jaio zen; baina, hildakoen artetik piztu zenez gero, santu egiten duen Espirituaz Jainkoaren Seme ahaltsu egina izan da.
5 Jesu Kristogandik hartu dugu apostolu izateko dohaina, jentil-herriei sinesmena eramateko eta fedezko erantzuna haiengan sortzeko.
6-7 Hauetakoak zarete zuek ere, Erroman bizi zaretenok. Jainkoak maite izan zaituzte eta Jesu Kristoren elkarteko eta bere herri santu izateko deitu.Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
8 Lehenengo, zuek guztiongatik eskerrak ematen dizkiot neure Jainkoari Jesu Kristoren bitartez, zuen sinesmena mundu guztian goraipatzen delako.
9 Badaki, bai, Jainkoak, bere Semearen berri ona hots eginez bihotz-bihotzez zerbitzatzen dudan hark, beti gogoan zaituztedala.