6 Gero, parabola hau esan zien Jesusek: «Gizon batek pikondo bat zuen bere mahastian aldatua. Joan zen piku bila eta ez zuen aurkitu.
7 Orduan, mahastizainari esan zion: “Begira, badira hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Moztu ezazu. Zertarako egongo da hor lurra alferrik jaten?”
8 Baina mahastizainak erantzun zion: “Jauna, utz ezazu aurtengoz; bitartean, ondoa aitzurtu eta ongarria botako diot,
9 ea aurrerakoan fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”».
10 Behin batean, larunbatez, sinagoga batean irakasten ari zen Jesus.
11 Bazen han, hemezortzi urte hartan espiritu baten menpe gaixo zegoen emakume bat: erabat konkortua zegoen eta ezin zen inola ere zuzendu.
12 Ikustean, Jesusek deitu eta esan zion: «Emakumea, geldi zaitez libre zeure gaitzetik».