13 «Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak lurretik altxatzera ere ausartzen, baizik eta bular-joka ari zen esanez: “Ene Jainkoa, erruki zaitez bekatari honetaz”.
14 «Benetan diotsuet azkeneko hau Jainkoarekin bakean itzuli zela etxera; fariseua, berriz, ez. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».
15 Haurtxoak eraman zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, hori ikustean, haserre egiten zieten.
16 Baina Jesusek haurtxoak beregana deitu zituen eta esan: «Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege.
17 Benetan diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko».
18 Handiki batek galdetu zion Jesusi:—Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?
19 Jesusek erantzun zion:—Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik.