8 Berehala egingo diela justizia diotsuet. Baina Gizonaren Semea datorrenean, aurkituko ote du horrelako sinesmenik munduan?»
9 Honako parabola hau esan zien Jesusek beren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei:
10 «Bi gizon tenplura igo ziren otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria.
11 Fariseuak, zutik, honela ziharduen otoitzean bere baitan: “Ene Jainkoa, eskerrak zuri besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile edota adulteriogile; ezta horko zergalari hori bezalakoa ere.
12 Astean bi bider egiten dut barau, eta ondasun guztien hamarrenak ordaintzen ditut”.
13 «Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak lurretik altxatzera ere ausartzen, baizik eta bular-joka ari zen esanez: “Ene Jainkoa, erruki zaitez bekatari honetaz”.
14 «Benetan diotsuet azkeneko hau Jainkoarekin bakean itzuli zela etxera; fariseua, berriz, ez. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».