19 Jaunarengana bidali zituen galdetzera: «Zu al zara “Etortzekoa”, ala besteren baten zain egon behar dugu?»
20 Joan ziren, bada, haiek Jesusengana eta esan zioten:—Joan Bataiatzaileak bidali gaitu zuri galdetzera: «Zu al zara “Etortzekoa” ala besteren baten zain egon behar dugu?»
21 Une hartan, gaitz, eritasun eta espiritu gaiztoak zeuzkan jende asko sendatu zuen Jesusek, eta itsu askori ikusmena itzuli zien.
22 Ondoren, mandatariei erantzun zien:—Zoazte eta esan Joani ikusi eta entzun duzuena: itsuek ikusi egiten dute, herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berri ona ematen zaie.
23 Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena!
24 Joanen mandatariek alde egin zutenean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendeari: «Zer ikustera irten zineten basamortura? Haizeak kulunka darabilen kanabera?
25 Zer ikustera irten zineten, bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi ederrez eta luxuan dabiltzanak errege-jauregietan bizi ohi dira.