17 Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez denik.
18 Kontu izan, bada, nola entzuten duzuen; izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, eduki uste duena ere kendu egingo zaio».
19 Joan zitzaizkion Jesusi bere ama eta anai-arrebak, baina jendearen jendez ezin iritsi ziren berarenganaino.
20 Eta jakinarazi zioten:—Ama eta anai-arrebak dituzu kanpoan, zu ikusi nahian.
21 Jesusek, berriz, erantzun zien:—Hauek ditut nik ama eta anai-arreba: Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak.
22 Egun batez, Jesus ontzi batera igo zen bere ikasleekin eta esan zien: «Goazen aintziraz beste aldera». Eta ontziz atera ziren.
23 Zihoazela, loak hartu zuen Jesus. Aintziran haize-bolada sortu zelarik, ontzia urez betetzen ari zitzaien eta arriskuan zeuden.