29 Jesusek erantzun:—Benetan diotsuet: Niregatik eta berri onagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak,
30 orain, mundu honetan, ehun halako etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur jasoko du, erasoaldiekin batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia.
31 Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira orduan, eta orain azkeneko direnak lehenengo.
32 Jerusalemerako bidean gora zihoazen, eta Jesus aurretik. Txunditurik zeuden; jarraitzen ziotenak beldurrez zihoazen. Berriro Hamabiak beregana bildu, eta zer gertatuko zitzaion adierazten hasi zitzaien:
33 «Hara, Jerusalemera igotzen ari gara, eta Gizonaren Semea apaizburuen eta lege-maisuen eskuetara emango dute; heriotzara kondenatuko dute eta atzerritarren eskuetara emango;
34 hauek iseka egingo diote eta listua botako, zigortu eta hil egingo; baina handik hiru egunera piztu egingo da».
35 Santiago eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurbildu eta esan zioten:—Maisu, eskatuko dizuguna zuk ematea nahi genuke.