17 Jesusek entzun eta esan zien:—Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik.
18 Behin batean, Joanen ikasleek eta fariseuek barau-eguna zuten. Jesusengana joan eta esan zioten:—Nola egiten dugu barau Joanen ikasleok eta fariseuok, eta zure ikasleek ez?
19 Jesusek erantzun zien:—Ezteietara deituek egin ote dezakete barau senar berria berekin dutelarik? Senar berria berekin duten bitartean, ezin dezakete baraurik egin.
20 Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau.
21 «Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten; bestela, adabaki berriak jantzi zaharra behartu eta zarratada handiagoa egingo luke.
22 Zahagi zaharretan ere ez du inork ardo berririk sartzen; ardoak zahagiak lehertu egingo lituzke eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardo berriarentzat zahagi berriak!»
23 Behin batean, larunbatez, gari-soro batean zehar zihoan Jesus. Eta ikasleak, bidenabar, galburuak hartzen hasi ziren.