25 Igarri zizkien Jesusek beren gogoetak eta esan zien: «Bere baitan zatiturik dagoen erreinua errauts bihurtuko da. Bere baitan zatiturik dagoen herri edo familiak ez du iraungo.
26 Beraz, Satanasek Satanas botatzen badu, zatiturik dago eta bere buruaren aurka ari da; nola iraun dezake haren erreinuak?
27 Eta nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen baditut, noren indarrez botatzen dituzte zuen ikasleek? Horregatik, zeuen ikasleak izango dituzue epaile.
28 Deabruak Jainkoaren Espirituaren indarrez botatzen baditut, ordea, argi dago Jainkoa zuen artean errege izaten hasia dela.
29 «Izan ere, nola sar daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara, aldez aurretik hura lotzen ez badu? Orduan bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak.
30 «Nire alde ez dagoena nire kontra dago, eta nirekin biltzen ez duena sakabanatzen ari da.
31 «Horregatik diotsuet: Bekatu eta birao oro barkatuko dio Jainkoak gizakiari, baina Espiritu Santuaren kontrako biraorik ez dio barkatuko.