39 Orduan, Tzadok apaizak, hartua baitzuen Jaunaren oihal-etxolatik olio-adarra, gantzutu egin zuen Salomon. Jo zuten adarra eta herri osoak deiadar egin zuen: «Gora Salomon erregea!»
40 Jende guztia Salomonen ondoren igo zen bozkario handiz eta txirulak joz. Lurrak ere dar-dar egin zuen haien oihuengatik.
41 Bazkaria bukatzen ari ziren, Adoniasek eta beronen bazkaldar guztiek zarata-hots hura aditu zutenean. Joabek, adar-hotsa entzutean, esan zuen:—Zer dela-eta halako iskanbila hiritarren artean?
42 Hizketan ari zen, Abiatar apaizaren seme Jonatan heldu zenean. Adoniasek esan zion:—Sar zaitez. Zu bai ausarta! Berri onak al dakarzkiguzu?
43 Jonatanek erantzun zion Adoniasi:—Ez, bada. David gure errege jaunak Salomon egin du errege.
44 Tzadok apaiza, Natan profeta, Joiadaren seme Benaias, keretarrak eta peletarrak bidali ditu Salomonekin, eta hauek erregearen mando gainean ezarri dute Salomon.
45 Tzadok apaizak eta Natan profetak errege gantzutu dute Gihonen. Eta handik bozkarioz beterik igo dira. Hiritarren artean iskanbila handia dago. Hori da entzun duzuen zarata.