9 Behinola, ardi, idi eta zekor gizenduak hil zituen Adoniasek opari bezala Zohelet haitzaren ondoan, Rogel iturriaren inguruetan, eta erregearen seme ziren bere anaia guztiak eta erregearen zerbitzari ziren Judako gizon guztiak gonbidatu zituen.
10 Natan profeta, Benaias, Daviden gudari adoretsuak eta bere anaia Salomon, ordea, ez zituen gonbidatu.
11 Orduan, esan zion Natanek Betsaberi, Salomonen amari:—Ez al duzu aditu, Hagit-en seme Adoniasek bere burua errege izendatu duela, David gure jaunak deus ere jakin gabe?
12 Hara, aholku bat emango dizut zeure bizia eta zeure seme Salomonena salba ditzazun.
13 Zoaz David erregeagana eta esaiozu hau: «Ez al zenidan, ene errege jaun horrek, zin egin nire seme Salomon izango zela zure hurrengo erregea eta bera jarriko zela zure errege-aulkian? Hortaz, zergatik izendatu du Adoniasek bere burua errege?»
14 Eta zu erregearekin mintzatzen ari izango zaren bitartean, sartuko naiz ni zure ondoren eta zure esanak baietsiko ditut.
15 Horrela, bada, sartu zen Betsabe erregearen gelara. Erregea oso zahartua zegoen; Abixag xunemdarrak zerbitzatzen zuen.