21 Roboamek, Jerusalemera heltzean, Juda eta Benjaminen leinuetako jende guztia bildu zuen: aukerako ehun eta laurogei mila gizon ziren gudurako gai. Israeldarren aurka borrokatzeko asmoa zuen Salomonen seme Roboamek, erreinua berreskuratzeko.
22 Baina Jainkoak honela hitz egin zion Jainkoaren gizon zen Xemaiasi:
23 «Esaiozu Salomonen seme eta Judako errege Roboami, baita Juda eta Benjaminen leinuetakoei eta gainerako jendeari ere:
24 “Hau dio Jaunak: Ez joan zeuen senide dituzuen israeldarren kontra borrokatzera. Itzul bedi nor bere etxera, nire erabakiz gertatu baita gertatu dena”».Aditu zuten Jaunaren hitza eta itzuli egin ziren, Jaunak esan bezala.
25 Jeroboamek gotortu egin zuen Sikem hiria Efraimgo mendialdean eta bertan gelditu zen. Gero, handik irten eta Penuel gotortu zuen.
26 Jeroboamek honela zioen bere baitan: «Oraindik ere Daviden ondorengoak nagusi daitezke erreinu osoaz.
27 Nire erreinuko jende hau opariak eskaintzeko Jerusalemera, Jaunaren etxera, igotzen bada, Judako errege Roboamengana, lehengo bere jaunarengana, itzuli egingo da jende honen bihotza. Orduan, hil egingo naute eta Judako errege Roboamengana itzuliko dira».