10 Horregatik, zoritxarra ekarriko diot Jeroboamen etxeari; Jeroboamen etxeko gizasemeak oro suntsituko ditut, libre nahiz esklabo, Israel osoan. Desagerraraziko ditut Jeroboamen ondorengoak, simaurra erabat desagerrarazi ohi den bezala.
11 Jeroboamen etxekoren bat, hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute; landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute. Hala esan du Jaunak».
12 Zu, berriz, emakume, zoaz etxera. Zure oinak hirian sartuko diren une berean hilko da mutikoa.
13 Israel osoak eginen dio dolu. Hau bai, hau hilobiratuko dute; Jeroboamen etxekoen artetik horixe bakarra hilobiratuko dute, Jaunak, Israelen Jainkoak, horrexengan izan ezik, ez baitu Jeroboamen senitarteko beste inorengan deus onik aurkitu.
14 Jeroboamen ondorengotza suntsiaraziko duen erregea sortuko du Jaunak Israelen gaur bertan. Zer gaur bertan? Oraintxe bertan
15 astinduko du Jaunak Israel! Uretan dardaratzen den kanabera bezala izango da. Beraien gurasoei eman zien lurralde eder honetatik bota egingo ditu israeldarrak eta Eufrates ibaiaz beste aldean barreiatuko. Izan ere, israeldarrek zutoin sakratuak egin dituzte eta Jauna haserrarazi.
16 Jeroboamek egin dituen eta Israeli eginarazi dizkion bekatuengatik Jaunak utzi egingo du Israel eskutik.