2 Herriak muinoetan eskaini ohi zituen opariak, artean ez baitzuten Jaunari eginiko tenplurik.
3 Maite zuen Salomonek Jauna eta betetzen zituen bere aita Daviden arauak; alabaina, berak ere muinoetan eskaini ohi zituen opariak eta erretzen intsentsua.
4 Behinola, Gabaonera joan zen erregea opariak eskaintzera, huraxe baitzen kultu-lekurik nagusiena. Mila erre-opari eskaini zituen Salomonek aldare gainean.
5 Gau hartan Jauna agertu zitzaion ametsetan Gabaonen, eta esan zion:—Eskatu nahi duzuna, eta emanen dizut.
6 Salomonek erantzun zion:—Onginahi handia izan zenuen zeure zerbitzari David gure aitarentzat, berak zure aurrean leial, zuzen eta bihotz zintzoz jokatu zuelako. Eta onginahi hori gorde egin diozu, gaur haren aulkian jarria dagoen seme hau berari emanez.
7 Ene Jainko Jauna, gure aita Daviden ordez ni, zeure zerbitzari hau, egin nauzu errege. Ni, berriz, mutil gaztea nauzu eta gobernatzen ikasi gabea.
8 Zehazki zenbatu ezin ahalako herri ugaria hautatu zenuen, eta neu egin nauzu herri horren buru.