1 Israeldarrak Egiptotik irten eta handik laurehun eta laurogei urtera, Salomonek Israelgo erregetzan lau urte zeramatzala, bigarren hilabetean, Zib hilean, hasi zen Salomon Jaunaren etxea eraikitzen.
2 Salomonek Jaunari eraiki zion etxe hura hogeita hamar metro zen luze, hamar metro zabal eta hamabost metro gora.
3 Tenpluko sala handiaren aurreko atalondoa hamar metro zabal zen —tenpluaren zabalera bera—, eta bost metro luze tenplu barnerantz.
4 Saredun leihoak eginarazi zituen Salomonek tenplurako.
5 Tenpluaren inguru guztian, sala handiaren eta santutegiaren hormei atxikia, eraikuntza bat egin zuen, hiru solairukoa.