2 Salomonek Jaunari eraiki zion etxe hura hogeita hamar metro zen luze, hamar metro zabal eta hamabost metro gora.
3 Tenpluko sala handiaren aurreko atalondoa hamar metro zabal zen —tenpluaren zabalera bera—, eta bost metro luze tenplu barnerantz.
4 Saredun leihoak eginarazi zituen Salomonek tenplurako.
5 Tenpluaren inguru guztian, sala handiaren eta santutegiaren hormei atxikia, eraikuntza bat egin zuen, hiru solairukoa.
6 Beheko solairua bi metro eta erdi zabal zen, erdikoa hiru metro eta hirugarrena hiru metro eta erdi. Solairu bakoitzean tenpluko horma kanpoaldetik meheagoa zen, maila moduko batzuk eginez, eta maila hauen gainean ezarri zituzten habeak, tenpluko hormak zulatu beharrik gabe.
7 Jaunaren etxea eraikitzeko, harrobian bertan landuriko harriak ezarri zituzten; horrela, ez zen mailu, pikatxoi edota burdinazko beste tresna-hotsik entzun tenplua eraikitzean.
8 Erdiko solairurako sarrera tenpluaren eskuinaldeko saihetsean zegoen; eskailera biribil batetik igo zitekeen erdiko solairura eta hemendik gorenekora.