23 Ondoren, Hiramek brontzea urtu eta «Itsaso» deitu zuen uraska biribil bat egin zuen; ertz batetik bestera bost metroko diametroa zuen, bi metro eta erdiko sakona eta hamabost metroko ingurua.
24 Ertzaren azpialdean, inguru guztian, fruitu-irudiak zituen, hogei fruitu metro bakoitzeko, bi lerrotan jarriak, uraska egin zeneko urtzaldi berean eginak.
25 Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten.
26 Uraskaren lodiera arra betekoa zen. Ezpainak koparenak bezalakoak ziren, lili-lorearen tankerakoak; laurogei mila litro ur hartzen zuen uraskak.
27 Hiramek brontzezko hamar orga egin zituen; bi metro luze ziren, bi metro zabal eta metro eta erdi sakon.
28 Honela zeuden eginak orgak: marko batzuk eutsirik, panelak zituzten;
29 eta markoen arteko paneletan zizelkaturik lehoiak, idiak eta hegaldun izakiak, baita goiko markoetan ere; lehoi eta idien azpialdean lore-sortak zintzilik.