61 Eta zuek izan zaitezte Jaunaren, zeuen Jainkoaren, esaneko, beraren lege-bidean ibiliz eta beraren aginduak betez, gaur egin duzuen bezala».
62 Erregeak, eta Israel osoak harekin batera, sakrifizioak eskaini zizkion Jaunari.
63 Hogeita bi mila idi eta ehun eta hogei mila ardi eskaini zituen Salomonek elkartasun-oparitzat. Horrela sagaratu zioten Jaunari tenplua erregeak eta israeldar guztiek.
64 Egun hartan Jaunaren etxe aurreko atariaren erdi aldea sagaratu zuen erregeak, erre-opariak, labore-opariak eta elkartasun-oparietako gantzak bertan eskaintzeko. Izan ere, Jaunaren aitzinean zegoen brontzezko aldarea txikiegi gertatu zen hainbeste erre-opari, labore-oparia eta elkartasun-oparietako gantza hartzeko.
65 Orduan, Salomonek Israel osoarekin, Hamateko sarreratik hasi eta Egiptoko errekara bitarteko lurraldeetatik etorri eta batzartua zegoen jendetza izugarri harekin, zazpi eguneko jaia egin zuen eta beste zazpi egunekoa gero, orotara hamalau egun.
66 Biharamunean Salomonek bidali egin zuen herria. Jendea, erregea agurtu ondoren, bere etxeetara itzuli zen, alai eta bihotza bozkarioz betea zuela, Jaunak bere zerbitzari Davidi eta bere herri Israeli egin zien on guztiarengatik.