1 Israeldar guztiak Hebronen bildu ziren Davidengana eta esan zioten: «Zeure odolekoak gaituzu gu ere.
2 Lehendik, Saul errege zelarik, zeuk zenituen Israelen joan-etorriak gidatzen. Jaunak, zeure Jainkoak, esana dizu: “Zeuk gidatuko duzu ene herri Israel, eta zeu izanen zara ene herri Israelen agintari”».
3 Etorri ziren, bada, israeldarren buruzagi guztiak Hebronera David erregeagana, eta honek hitzarmena egin zuen haiekin han, Jaunaren aurrean. Haiek Israelgo errege gantzutu zuten David, Jaunak Samuelen bidez esana zuen bezala.
4 Davidek, israeldar guztiekin, Jerusalemerantz jo zuen, hau da, Jebusera; lurralde hartan bizi ziren jebustarrak.
5 Hauek esan zioten Davidi: «Ez haiz hona sartuko».Hala ere, jabetu zen David Siongo gotorlekuaz, gerora «Daviden Hiri» deituko zenaz.
6 Esana zuen Davidek: «Jebustar bat hil dezan lehenengoa buruzagi eta gudalburu eginen dut». Tzeruiaren seme Joab izan zen lehenengoa erasotzen; horregatik, erregeak bera egin zuen buruzagi.