1 Kronikak 12:15-21 EABD

15 Hauek ziren Gaden leinutik etorritako gudalburuak; haietarik txikienak ehunek adina balio zuen, eta handienak milak adina.

16 Behin batez, Jordan ibaia igaro zuten gudari hauek urteko lehen hilabetean, ibaiak alde guztietatik gainez egiten duen garaian, eta ihes eragin zieten ekialdera nahiz mendebaldera dauden haranetako bizilagunei.

17 Beste batean, Benjamin eta Judaren leinuetako gizon batzuk etorri zitzaizkion Davidi bere gordelekura.

18 Atera zitzaien David bidera eta esan zien: «Adiskide gisa baldin bazatozkidate eta niri laguntzeko asmoz, bihotz-bihotzez hartuko zaituztet; baina, nik inolako gogorkeriarik egin gabe, ni etsaiari saltzeko asmoz bazatozte, ikus dezala gure arbasoen Jainkoak eta zigor zaitzatela».

19 Amasaik, hogeita hamar gudarien buruzagiak, espirituaren eraginez, esan zuen:«Zeurekin gaituzu, David,zeurekin, Jeseren seme!Bakea, bakea zuretzat,bakea laguntzen dizunarentzat,zeure Jainkoa baituzu laguntzaile».Orduan, Davidek onartu egin zituen eta gudalburuen artean hartu.

20 Manasesen leinuko batzuk ere Daviden aldera igaro ziren, filistearrekin batera Saulen kontra borrokatzera zihoanean. Baina Davidek eta bere gizonek ezin izan zieten filistearrei lagundu; izan ere, hizketatu ondoren, filistearren buruzagiek bidali egin zuten David, beraien kontra jarri eta bere lehengo jaun Saulengana igaroko zela pentsatuz.

21 David Tziklagera itzuli zenean, berarekin joan ziren Manasesen leinuko hauek: Adnah, Jozabad, Jediael, Mikael, Jozabad, Elihu eta Tziletai; milana gizonen buru ziren hauek Manasesen leinuan.