19 Amasaik, hogeita hamar gudarien buruzagiak, espirituaren eraginez, esan zuen:«Zeurekin gaituzu, David,zeurekin, Jeseren seme!Bakea, bakea zuretzat,bakea laguntzen dizunarentzat,zeure Jainkoa baituzu laguntzaile».Orduan, Davidek onartu egin zituen eta gudalburuen artean hartu.
20 Manasesen leinuko batzuk ere Daviden aldera igaro ziren, filistearrekin batera Saulen kontra borrokatzera zihoanean. Baina Davidek eta bere gizonek ezin izan zieten filistearrei lagundu; izan ere, hizketatu ondoren, filistearren buruzagiek bidali egin zuten David, beraien kontra jarri eta bere lehengo jaun Saulengana igaroko zela pentsatuz.
21 David Tziklagera itzuli zenean, berarekin joan ziren Manasesen leinuko hauek: Adnah, Jozabad, Jediael, Mikael, Jozabad, Elihu eta Tziletai; milana gizonen buru ziren hauek Manasesen leinuan.
22 Asko lagundu zieten Davidi eta gudari-taldeari, gizon adoretsuak baitziren denak; horregatik, gudalburu izatera heldu ziren.
23 Egunero laguntzaile berriak zetozen Davidengana, eta honen gudarostea ezin konta ahalakoa egin zen.
24 Anitz gudari bildu zen Davidengana Hebronen, borrokarako trebatuak, Saulen erregetza Davidi emateko, Jaunak agindu bezala. Hona hemen gizon haien kopurua:
25 Judaren leinuko sei mila eta zortziehun gizon, babeski eta lantzaz hornituak eta gudurako trebatuak;