6 Horien artean Joabek ez zituen lebitarrak eta benjamindarrak sartu, erregearen agindua higuingarria iruditu zitzaiolako.
7 Jainkoak ez zuen begi onez ikusi erroldatze hura egitea eta zigortu egin zuen Israel.
8 Orduan, Davidek esan zion Jainkoari:—Bekatu handia egin dut, bai, erroldatzea egiteko aginduz. Baina, otoi, barkatu zeure morroi honen gaiztakeria, burugabe jokatu baitut.
9 Jaunak Daviden profeta zen Gadi dei egin eta esan zion:
10 «Zoaz eta esaiozu Davidi: “Hau dio Jaunak: hiru zigor ipintzen dizkizut aukeran; hautatu horietarik bat eta huraxe ezarriko dizut”».
11 Joan zen, beraz, Gad Davidengana eta esan zion:—Hau dio Jaunak: «Aukera ezazu:
12 hiru urteko gosealdia, hiru hilabeteko hondamendia etsaien ezpataren erasopean ala hiru egunez Jaunaren ezpatak izurriz jotzea eta Jaunaren aingeruak lurralde osoa desegitea». Zuk esan zer erantzun behar diodan bidali nauenari.