21 Gure herrira bidali dituzuen mezulariek adierazi digute zein ospetsu eta ohoragarri zareten. Poz handia eman zigun mezulari horiek etortzeak.
22 Herriko agirien artean sartu dugu haiek ekarritako txostena, honela dioena: “Juduen mandatari diren Numenio, Antiokoren semea, eta Antipatro, Jasonen semea, etorri zaizkigu, gurekin duzuen hitzarmena berritzera.
23 Gure herriari egoki iruditu zaio mandatari hauek ohorez hartzea eta horien mezua hiriko agirien artean sartzea, Espartako herriak horien oroitzapena izan dezan”. Agiri honen kopia atera dugu Simon apaiz nagusiarentzat».
24 Hauen guztien ondoren, Simonek Erromara bidali zuen Numenio, seiehun kilo pisatzen zuen urrezko babeski handi batekin, erromatarrekin ere hitzarmena berritzeko.
25 Judu-herriak, horren guztiaren berri izan zuelarik, galdetzen zuen: «Nola eskertuko diegu Simoni eta beronen semeei?
26 Izan ere, bera, beraren anaiak eta aitaren senitartea ausarki borrokatu dira Israelen etsaien aurka, eta askatasuna ekarri diote». Eta, idazkun bat brontzezko oholetan grabaturik, Sion mendian ezarri zuten zutabe batzuetan.
27 Hona hemen idazkunak zioena: «Ehun eta hirurogeita hamabigarren urteko Elul hilaren hemezortzian, Simon apaiz nagusi handiaren hirugarren urtean, Asaramel-en,