26 Izan ere, bera, beraren anaiak eta aitaren senitartea ausarki borrokatu dira Israelen etsaien aurka, eta askatasuna ekarri diote». Eta, idazkun bat brontzezko oholetan grabaturik, Sion mendian ezarri zuten zutabe batzuetan.
27 Hona hemen idazkunak zioena: «Ehun eta hirurogeita hamabigarren urteko Elul hilaren hemezortzian, Simon apaiz nagusi handiaren hirugarren urtean, Asaramel-en,
28 apaizak, herria, herriko buruzagiak eta arduradunak batzarturik zeudela, honako hau adierazi ziguten:
29 Gudukatze asko izan da lurralde honetan. Horietan guztietan, Matatiasen seme eta Joiarib apaizaren ondorengoetarikoa den Simonek eta senideek beren buruak arriskatu dituzte. Santutegiari eta legeari eustearren, aurre egin diete beren herriaren etsaiei. Horrela, ospe handia ekarri diote beren herriari.
30 Jonatanek batasuna eman zion herriari eta apaiz nagusi izatera heldu zen, hil arte.
31 Juduen etsaiek herrialdea hartu nahi izan zuten, dena errausteko eta santutegian lapurretak egiteko.
32 Baina, orduan, Simon jaiki zen bere herriaren alde borrokatzera. Bere ondasunetarik asko eralgi zuen herri-gudarostea armatzen eta gudari-saria ematen.