34 Itsasertzean dagoen Jope eta Azoto ondoan dagoen Gazara hiriak ere gotortu zituen. Azken honetan, lehen, etsaiak bizi ziren; baina Simonek juduak kokarazi zituen eta bizitzeko behar zuten guztiaz hornitu.
35 Simon zein leial zen eta nazioa goratzen nola saiatzen zen ikusirik, herriak buruzagi eta apaiz nagusi izendatu zuen. Horrela, eginiko lan guztiak, herriarentzat izaniko zuzentasuna eta leialtasuna eta herria goratzeko etengabe eginiko ahalegina eskertu nahi izan zizkioten.
36 Simonen egunetan lortu zuten arrotzak lurraldetik botatzea, baita Jerusalemen, Daviden Hirian, zeudenak ere. Hauek gotorlekua egina zuten eta bertatik irteerak egin ohi zituzten, santutegiaren inguruak kutsatzera eta beraren santutasuna iraintzera.
37 Gudari juduak ezarri zituen Simonek gotorleku hartan eta sendotu egin zuen, hiria eta herrialdea zaintzeko; Jerusalemgo harresiak ere handiago egin zituen.
38 Honen guztiaren ondoren, Demetrio erregeak sendotu egin zuen Simon apaiz nagusi bezala,
39 bere adiskideen artean hartu eta ohorez bete.
40 Izan ere, jakin zuen Demetriok juduei adiskide, gudalagun eta senide esaten zietela erromatarrek, eta ohorez hartuak zituztela Simonen mandatariak.