36 Simonen egunetan lortu zuten arrotzak lurraldetik botatzea, baita Jerusalemen, Daviden Hirian, zeudenak ere. Hauek gotorlekua egina zuten eta bertatik irteerak egin ohi zituzten, santutegiaren inguruak kutsatzera eta beraren santutasuna iraintzera.
37 Gudari juduak ezarri zituen Simonek gotorleku hartan eta sendotu egin zuen, hiria eta herrialdea zaintzeko; Jerusalemgo harresiak ere handiago egin zituen.
38 Honen guztiaren ondoren, Demetrio erregeak sendotu egin zuen Simon apaiz nagusi bezala,
39 bere adiskideen artean hartu eta ohorez bete.
40 Izan ere, jakin zuen Demetriok juduei adiskide, gudalagun eta senide esaten zietela erromatarrek, eta ohorez hartuak zituztela Simonen mandatariak.
41 Jakin zuen, orobat, juduei eta apaizei ongi iruditu zitzaiela Simon betiko buruzagi eta apaiz nagusi izendatzea, harik eta profeta fidagarriren bat agertu arte,
42 eta horregatik zutela gudalburu eta santutegiaren arduradun izendatua. Simonek izendatuko zituen santutegiko langile-buruak, herrialdeko administrazio-arduradunak, baita gudarostearen eta gotorlekuen arduradunak ere.