31 Bestela, eman ordainetan hamahiru mila kilo zilar, eta beste horrenbeste egin dizkidazuen kalteen eta hirietako zergen ordainetan. Osterantzean, joan eta gerra eginen dizuegu».
32 Heldu zen, bada, erregearen adiskide Atenobio Jerusalemera. Simonen handitasuna, urrezko eta zilarrezko ontziz beteriko arasak eta halako ospe handia ikustean, harritua gelditu zen. Eman zion aditzera Simoni erregearen mezua, eta
33 Simonek ihardetsi zuen: «Guk ez dugu besteren lurrik hartu, ezta besteren ondasunik geureganatu ere, geure arbasoen ondarea baizik. Aldi batez, gure etsaien esku egona da, bidegabekeriaz.
34 Eta guk, egokiera izan dugularik, berreskuratu egin dugu geure arbasoen ondare hori.
35 Eskatzen dizkigun hiri horiek, Jopek eta Gazarak, berriz, kalte handiak egin zizkioten gure herriari, eta lurraldea hondatu zuten. Horien ordainetan bi mila eta zazpiehun kilo zilar emango dizkizugu».
36 Atenobiok ez zuen hitzik erantzun. Haserreturik, erregeagana itzuli eta Simonen erantzuna adierazi zion, bai eta haren handitasuna eta ikusitako guztia ere. Erregea ere su bizitan jarri zen.
37 Bitartean, ontzi batean, Ortosia hirira ihes egin zuen Trifonek.