35 Eskatzen dizkigun hiri horiek, Jopek eta Gazarak, berriz, kalte handiak egin zizkioten gure herriari, eta lurraldea hondatu zuten. Horien ordainetan bi mila eta zazpiehun kilo zilar emango dizkizugu».
36 Atenobiok ez zuen hitzik erantzun. Haserreturik, erregeagana itzuli eta Simonen erantzuna adierazi zion, bai eta haren handitasuna eta ikusitako guztia ere. Erregea ere su bizitan jarri zen.
37 Bitartean, ontzi batean, Ortosia hirira ihes egin zuen Trifonek.
38 Antioko erregeak Kendebeo izendatu zuen itsasertzeko gudalburu nagusi, eta oinezko zein zaldizko gudari-taldeak eman zizkion.
39 Judea inguruan kanpalekua jarri, Zedron hiria berreraiki, hango ateak sendotu eta herriari erasoak egiteko agindu zion. Anartean, Trifonen ondoren joan zen Antioko.
40 Jamnia hirira heldurik, juduak zirikatzen hasi zen Kendebeo, Judean barrena erasoaldiak eginez, presoak harrapatuz eta jendea hilez.
41 Berreraiki zuen Zedron hiria eta zaldizko zein oinezko gudariak kokarazi zituen bertan, handik Judeako bideetan zehar irteerak egiteko, erregeak agindua zion bezala.