11 Abuboren seme Ptolomeo Jerikoko lautadako buruzagi izendatua zuten. Zilar eta urre asko zuen,
12 apaiz nagusiaren suhia baitzen.
13 Bihotz harrokoa izanik, herriaren jabe egin nahi zuen eta, horretarako, Simon eta beronen semeak suntsitzeko asmo maltzurra hartu zuen.
14 Herrialdearen administrazioaz arduraturik, Simon, hiriz hiri zebilen batean, Jerikora jaitsi zen, Matatias eta Judas bere semeekin. Ehun eta hirurogeita hamazazpigarren urteko hamaikagarren hila zen, Xebat hila.
15 Abuboren semeak, berak eraikitako gotorleku txiki batean, Dok izenekoan, hartu zituen azpikeriaz, eta bazkari ederra eman zien; baina gizon batzuk zelatan jarri zituen.
16 Simon eta beronen semeak hordi zeudenean, Ptolomeo bere gizonekin jaiki, armak hartu eta bazkaltokian bertan Simonen kontra oldartu ziren, berau, honen bi semeak eta zerbitzari batzuk hilez.
17 Halako traizioa egin zuen, bada, Ptolomeok, on egina gaizkiaz ordainduz.