16 Simon eta beronen semeak hordi zeudenean, Ptolomeo bere gizonekin jaiki, armak hartu eta bazkaltokian bertan Simonen kontra oldartu ziren, berau, honen bi semeak eta zerbitzari batzuk hilez.
17 Halako traizioa egin zuen, bada, Ptolomeok, on egina gaizkiaz ordainduz.
18 Ondoren, Antioko erregeari idatzi zion Ptolomeok gertatuaren berri emanez eta gudari-taldeak bidaltzeko eskatuz, herrialdea eta hiriak bere esku hartzeko.
19 Gazarara ere bidali zituen mandatariak, Joan hil zezaten. Gudalburuei ere idatzi zien, berarengana etor zitezen, zilarra, urrea eta esku-erakutsiak eman nahi zizkiela eta.
20 Beste batzuk, berriz, Jerusalem eta santutegia zegoeneko mendiaz jabetzera bidali zituen.
21 Batek, ordea, aurrea harturik, Gazarara heldu eta Ptolomeok aita eta anaiak hil zizkiola adierazi zion Joani eta esan zion gainera: «Zu hiltzera ere bidali ditu batzuk».
22 Hau entzutean, oso nahigabetua gelditu zen Joan. Bera hiltzera zetozen gizonak atzeman eta hil egin zituen, bai baitzekien bera galtzera zetozela.