9 Gudukatze hartan zauritu egin zuten Joanen anaia Judas. Joanek, ordea, pertsegitu egin zituen Kendebeok berreraikia zuen Zedron hiriraino.
10 Iheslariak Azotoko zelaietan zeuden dorreetara joan ziren. Joanek su eman eta etsaietako bi mila gizon galdu ziren. Orduan, Joan onik itzuli zen Judeara.
11 Abuboren seme Ptolomeo Jerikoko lautadako buruzagi izendatua zuten. Zilar eta urre asko zuen,
12 apaiz nagusiaren suhia baitzen.
13 Bihotz harrokoa izanik, herriaren jabe egin nahi zuen eta, horretarako, Simon eta beronen semeak suntsitzeko asmo maltzurra hartu zuen.
14 Herrialdearen administrazioaz arduraturik, Simon, hiriz hiri zebilen batean, Jerikora jaitsi zen, Matatias eta Judas bere semeekin. Ehun eta hirurogeita hamazazpigarren urteko hamaikagarren hila zen, Xebat hila.
15 Abuboren semeak, berak eraikitako gotorleku txiki batean, Dok izenekoan, hartu zituen azpikeriaz, eta bazkari ederra eman zien; baina gizon batzuk zelatan jarri zituen.