35 Orduan, eraso egin zieten.
36 Baina juduek ez zuten erantzun, ez harriak jaurtiz, ez leize-zuloak itxiz.
37 Hau zioten: «Hil gaitezen denok errugabe izanez. Zeru-lurrak ditugu testigu bidegabekeriaz hiltzen gaituztela».
38 Horrela, bada, erasoa larunbatez egin zietenez, erantzun gabe hil ziren judu haiek beren emazte, seme-alaba eta abereekin batera. Mila lagun inguru ziren.
39 Gertakari haren berri jakitean, Matatiasek eta lagunek saminki egin zuten negar,
40 eta esan zioten elkarri: «Denok gure senide horiek bezala egiten badugu, geure bizia eta ohiturak defendatzeko jentilen kontra borrokatzen ez bagara, berehala suntsituko gaituzte lurretik».
41 Eta egun hartan, erabaki hau hartu zuten: «Erasoa larunbatez egiten badigute ere, aurre egingo diegu, leize-zuloetan hil ziren senide haiek bezala ez hiltzeko».