10 Jentilak eta Samariako gudari-talde handia bildu zituen Apoloniok, Israelen kontra gudukatzeko asmoz.
11 Judasek, hori jakitean, bidera atera, menderatu eta hil egin zuen Apolonio. Jende asko erori zen zauritua; gainerakoek ihes egin zuten.
12 Harrapakinak bildurik, Judasek beretzat hartu zuen Apolonioren ezpata, eta aurrerantzean ezpata hura erabili zuen bere bizitzako gudukatze guztietan.
13 Gudura joateko asmoz Judasek bere inguruan gudari eta jende-talde leiala bildu zuela jakitean, Seronek, Siriako gudarostearen buruzagiak,
14 esan zuen bere baitan: «Izen handia eta ospea lortuko dut erresuma osoan, erregearen aginduak mespretxatzen dituzten Judasen eta beronen gizonen aurka borrokatuz».
15 Horrela, bada, jentil-talde indartsua berekin zuela, abiatu zen Seron, israeldarren mendekua egiteko asmoz.
16 Bet-Horoneko aldapara hurbiltzen ari zela, bidera atera zitzaion Judas gizatalde txiki batekin.