29 Idumeara jo zuten eta Bet-Surren ezarri kanpalekua. Judas hamar mila gizonekin joan zitzaion aurre egitera.
30 Gudaroste indartsu hura ikustean, otoitz hau egin zuen Judasek: «Goretsia zu, Israelen salbatzaile hori! David zeure zerbitzariaren bidez, zeuk desegin zenuen erraldoi indartsuaren oldarra, eta Saulen seme Jonatanen eta beronen ezkutariaren eskura eman filistearren gudarostea.
31 Era berean, emazu oraingo gudaroste hau ere zeure herri Israelen eskura, geldi daitezela beren oinezko eta zaldizko gudariez lotsaturik.
32 Sar iezaiezu beldurra, desegin horien indar harroa, geldi daitezela hondatuak eta deseginak.
33 Egizu, eror daitezela maite zaituztenen ezpatapean; horrela, ezagutzen zaituztenek, gorazarreak kantatuz, Jainkotzat goraipa zaitzatela».
34 Ekin zioten guduari, eta bost mila gizon inguru galdu zituen borrokan Lisiasen gudarosteak.
35 Bere gudarostearen hondamena eta Judasen gudarien ausardia ikusirik —bizitzeko nahiz adoretsu hiltzeko prest baitzeuden—, Lisiasek Antiokiara jo zuen, saripeko gudari arrotzak hartu eta indar handiagoarekin Judeara itzultzeko asmotan.