30 Eguna argitzean, begiak jaso eta kontaezin ahalako jendetza handia ikusi zuten juduek, hiri gotor hartaz jabetzeko eskalak eta tramankuluak eraikitzen. Ordurako hasia zuten erasoa.
31 Erasoa hasia zela ikusirik eta hiritik zeruraino deiadar izugarria eta turuta-hotsa zihoazela oharturik,
32 esan zien Judasek bere gudarosteko gizonei: «Borroka zaitezte gaur zeuen senideen alde!»
33 Eta hiru lerrotan taldekaturik, etsaiaren atzealdetik hurbildu ziren, turutak joz eta otoitz-oihuak eginez.
34 Timoteoren gudari-taldeek, Makabearra zetorkiela ohartzean, ihesari eman zioten. Triskantza handia egin zien Makabearrak, egun hartan zortzi mila gizon inguru erori zirelarik.
35 Gero, Alema hirirako bidea hartu zuen Judasek. Eraso zion hiriari, hartu eta, gizaseme guztiak hil eta bertako ondasunez jabetu ondoren, su eman zion.
36 Handik abiaturik, Kasfo, Maked, Bosor eta Galaad eskualdeko beste hiriak ere hartu zituen.