66 Odomera eta beronen ahaideak menderatu zituen, baita Fasironen leinukoak ere beren oihal-etxoletan. Ondoren, Bet-Basi inguratua zuten etsaiei erasotzen hasi ziren, gudari artetik aurrera eginez.
67 Orduan, Simonek eta lagunek hiritik atera eta su eman zieten guda-tramankuluei.
68 Horrela borrokatu ziren Bakidesen kontra, eta garaitu egin zuten. Bakides erabat lur joa gelditu zen, beraren asmo eta erasoek porrot egin zutelako.
69 Eta biziki haserretu zen lege gabeko gizon haiekin, haiek etorrarazi baitzuten lurralde hartara, eta haietarik asko hil zuen. Gero, bere herrira itzultzea erabaki zuen.
70 Hori jakitean, mandatariak bidali zizkion Jonatanek Bakidesi, bakeak egitera eta presoak itzultzera gonbidatuz.
71 Ontzat hartu zuen hori Bakidesek eta Jonatanek zioena bete. Eta zin egin zuen, biziko zen bitartean ez ziola gehiago kalterik egingo.
72 Lehendik Judean harrapatutako presoak itzuli zizkion, eta bere herrialdera joan zen. Ez zen gerora inoiz ere itzuli juduen lurraldera.