1 Samuel honela mintzatu zitzaien israeldar guztiei:—Horra, aditu dizuet eskatu dizkidazuen gauza guztietan eta eman dizuet erregea;
2 aurrerantzean erregea izanen duzue gidari. Zahartu naiz ni eta zuritu zait burua; baina zeuen artean dituzue nire semeak. Gidari izan nauzue gazte nintzenetik gaurdaino.
3 Hemen nauzue. Esan Jaunaren eta beronen gantzutuaren aitzinean, nire aurka ezer baduzuen: zuetariko inori idia nahiz astoa kendu diodan, inori iruzurrik edota zapalketarik egin diodan, inori eskupekorik hartu ote diodan, beraren arazoari ez ikusiarena egiteko. Emanen diot ordaina.
4 Honela erantzun zion herriak:—Ez diguzu iruzurrik egin, ezta zapalketarik ere, ez duzu inoren eskutik deus hartu.
5 Samuelek, orduan:—Lekuko dut gaur Jauna zuen aurrean, eta lekuko dut beronen gantzutua ere, eskuak garbi ditudala.Haiek erantzun zioten:—Lekuko gaituzu, bai.
6 Eta Samuelek jarraitu zuen:—Lekuko dut, bada, Moises eta Aaron sorrarazi eta zuen arbasoak Egiptotik atera zituen Jauna.
7 Orain, ordea, entzudazue: badut zuen kontra esatekorik Jaunaren aurrean. Hona zein leial izan den Jauna zuekiko eta zuen arbasoekiko: