6 Eta Samuelek jarraitu zuen:—Lekuko dut, bada, Moises eta Aaron sorrarazi eta zuen arbasoak Egiptotik atera zituen Jauna.
7 Orain, ordea, entzudazue: badut zuen kontra esatekorik Jaunaren aurrean. Hona zein leial izan den Jauna zuekiko eta zuen arbasoekiko:
8 Jakob Egiptora joan eta zuen arbasoek Jaunari oihu egin ziotenean, Jaunak Moises eta Aaron igorri zizkien; hauek atera zituzten zuen arbasoak Egiptotik eta lurralde honetan kokarazi.
9 Zuen arbasoak ahaztu egin ziren, ordea, Jaunaz, beren Jainkoaz, eta Jaunak Hatzorko gudarostearen buruzagi zen Sisera-ren eskuetara eman zituen, baita filistearren eta Moabeko erregearen eskuetara ere, eta hauek gudukatu egin zituzten zuen arbasoak.
10 Orduan, oihu egin zioten Jaunari, esanez: «Bekatu egin dugu, baztertu egin dugu Jauna, Baalen eta Astarteren irudiak gurtzeko. Aska gaitzazu orain geure etsaien eskuetatik eta zerbitzatuko zaitugu».
11 Orduan, Jaunak Jerubaal, Bedan, Jefte eta Samuel bidali eta askatu egin zintuzten inguruan zenituzten etsaien eskuetatik, eta lasai bizi izan zarete.
12 Baina amondarren errege Nahax zuen aurka zetorrela ikusi orduko, «Utikan! Erregea nahi dugu agintari!» esan zenidaten, Jauna, zeuen Jainkoa, errege zenutelarik.