7 Filistearren buruzagiek, israeldarrak Mitzpan bilduak zeudela jakitean, israeldarrei erasotzea erabaki zuten. Hauek, ohartzean, beldurtu egin ziren filistearren aurrean,
8 eta esan zioten Samueli: «Ez utzi Jainko Jaunari gure alde dei egiteari, filistearren eskuetatik salba gaitzan».
9 Hartu zuen, orduan, Samuelek axuri bat, eta erre-opari eskaini zion oso-osorik Jaunari. Samuelek Israelen alde oihu egin eta Jaunak aditu egin zion.
10 Samuel erre-oparia eskaintzen ari zen bitartean, filistearrak israeldarren aurka borroka egiteko hurbildu ziren. Orduan, Jaunak burrunba handiko trumoiak egin zituen filistearren kontra, izutu eta hondatu egin zituen israeldarren aurrean.
11 Israeldarrak Mitzpatik irten eta filistearren ondoren joan ziren, Bet-Kar ingururaino erasoz.
12 Samuelek, harri bat harturik, Mitzpa eta Xen artean ipini zuen; toki hari Eben-Ezer, hau da, «Laguntza-Harria» eman zion izena, esanez: «Honaino lagundu digu Jaunak».
13 Honela makurrarazi zieten burua filistearrei; joan zitzaien, bai, Israel lurraldean berriro sartzeko gogoa. Izan ere, Samuel bizi izan zen bitartean, gogorra izan zen Jaunaren eskua filistearren kontra.