6 Nahigabetu egin zen Samuel «izenda iezaguzu errege bat, gida gaitzan» esan ziotenean. Eta otoitz egin zion Jaunari.
7 Jaunak erantzun zion: «Onartzazu herriak eskatzen dizun guztia. Ez zaituzte zu gutxiesten; ni naute gutxiesten, ez bainaute errege nahi beren gain.
8 Egiptotik atera nituenetik zapuztu egin naute, jainko arrotzak gurtzeko. Niri egin didatena bera egiten dizute orain zuri.
9 Onartzazu, beraz, haien eskaria; baina jakinarazi argi eta garbi, nolako eskubideak izanen dituen beraien gain aginduko duen erregeak».
10 Adierazi zion, beraz, Samuelek errege eske ari zitzaion herriari Jaunak esandako guztia,
11 eta erantsi zuen: «Hona hemen zuen gain aginduko duen erregearen eskubideak: semeak kenduko dizkizue, bere gurdizain eta zaldizko egiteko; erregearen gurdiaren aurretik ibili beharko dute lasterka.
12 Batzuk mila gizonen buru ipiniko ditu, beste batzuk berrogeita hamar gizonen buru. Batzuek erregearen alorrak goldatu beharko dituzte, beste batzuek uztak igitatu; beste batzuek, berriz, armak eta guda-gurdiak egin beharko dizkiote.