28 Etorri zen, beraz, Samariatik erbesteratu zituzten apaizetarik bat eta, Betelen finkatuz, Jauna nola gurtu irakasten zion jendeari.
29 Hala ere, jende arrotz hark, bizi zen hiri guztietan, nork bere jainkoen irudiak egin eta samariarrek muinoetan eraikitako jauretxeetan ezarri zituen.
30 Babiloniako jendeak Sukot-Benot bere jainkoaren irudia egin zuen, Kutekoek Nergal-ena, Hamatekoek Axima-rena,
31 Abakoek Nibhaz eta Tartak-enak; Sefarbaimgoek beren jainko Adram-Melek eta Anam-Meleken ohoretan beren seme-alabak erre ohi zituzten sutan.
32 Denbora berean, Jauna ere gurtu ohi zuten. Kultu-lekuetako apaizak izendatu zituzten beren artetik, muinoetako jauretxeetan apaiz-zerbitzua egin zezaten.
33 Horrela, beraz, gurtzen zuten Jauna; baina, erbesteratu baino lehen beren jatorrizko hirietan zituzten kultuen arabera, beren jainkoak ere gurtu ohi zituzten.
34 Egundaino eutsi diete beren ohitura zaharrei; ez dute gurtzen Jauna, ez dituzte betetzen honen arauak, ezta erabakiak ere; ez dute jokatzen Jaunak Jakoben ondorengoei emaniko lege eta aginduen arabera —Jakobi ezarri zion Jaunak Israel izena—.