1 Orduan, Judako eta Jerusalemgo arduradun guztiak bil zitezen agindu zuen erregeak.
2 Gero, erregea Jaunaren etxera igo zen, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiak berekin zituela: apaizak, profetak eta jende guztia, txiki nahiz handi. Eta Jaunaren etxean aurkitutako itun-liburuak dioen guztia irakurri zien erregeak.
3 Ondoren, oholtzaren gainean zutik, Jaunarekiko ituna berritu zuen erregeak: jarraituko zioten Jaunari eta beteko zituzten bihotz-bihotzez eta gogo osoz haren agindu, burubide eta arauak, liburu hartan idatzirik zeuden itunaren xedapen guztiak.Herri osoak onartu zuen ituna.
4 Orduan, Baal, Axera eta jainkotzat zituzten izar guztien kulturako eginak zeuden tresna guztiak tenplutik ateratzeko agindu zien erregeak Hilkias apaiz nagusiari, apaiz laguntzaileei eta atezainei. Eta, Jerusalemdik kanpora Zedron haraneko zelaietan erre ondoren, Betelera eramanarazi zituen errautsak.
5 Judako erregeek ezarriak zituzten sasiapaizak Judako hirixka eta Jerusalem inguruetako kultu-lekuetan, toki horietan intsentsua erre zezaten; Josiasek kendu egin zituen halakoak; baita Baali, eguzki nahiz ilargiari nahiz izar-multzo eta izar guztiei intsentsua erretzen zietenak ere.
6 Tenpluan zegoen zutoin sakratua Jerusalemdik kanpora aterarazi eta Zedron errekan erre zuen; erabat erraustu eta errautsak jende arruntaren hilobira bota zituen.
7 Tenpluan prostituzio sakraturako erabili ohi ziren gelak ere desegin zituen; gela haietan ehotzen zituzten emakumeek Axera jainkosaren irudiei aterpeak egiteko oihalak.